Nire bigarren aberrira heltzeko irrikitan

Asteazkena da gaur, eta hiru egun besterik ez zaizkit falta nire bigarren aberria berriro ere zapaltzeko. Aste osoa daramat nerbioak jota. Sinestuko didazue gaur 5etatik izarrik egon naizela esaten badizuet? Ez da oso normala, baina urduritasuna nire bizimoduko parte bat da. Ezer gutxi egin dezaket horren kontra.

Horrela, larunbatean jarriko gara martxan eguerdiko ordu batetik aurrera, lehenago nire entrenatzaile betebeharrarekin hitzordua baitut Usansoloko krosean.

Irteera: Santurtzi (hemen batuko gara) / Lehenengo helmuga: Porto

726 kilometro eta ia zazpi orduko bidaia. Baina badakizue, gustuko lekuan… aldaparik ez!

Porton larunbat eta igandean egongo gara. Lagun bat han dugula aprobetxatuko dugu hiria bere osotasunean hobeto ezagutu ahal izateko. Gainera, zapatuz helduta, juergatxu bat botatzea ez dugu guztiz baztertzen.

Astelehenean, Porto atzean utzi eta Aveiron egingo dugu hurrengo geldialdia. Dioten bezala, Portugaleko Venecia da hiri hau, eta beraz ez dugu ezagutzeko aukera galdu nahi.

Hemendik Coimbrara abiatuko gara, eta asteleheneko gaua igaro ostean Lisboara iritsiko gara. Azkenean.

Tranbien hiria berriro ikusteko irrikitan nago. Bere kale zahar eta estuetatik paseatu, bapo-bapo jan, Alfama eta Graça auzoetan galdu… lasai lasai ibiltzeko hamaika plan ditut buruan. Helburu bakarra: disfrutatzea.

Kale artea Lisboan

Saretik nabigatzen web orri honekin topo egin dut: CronoLisboa. Lisboako kaleetan galtzeko aukera aproposa ematen digun orri berezia.

Portugaleko hiriburuan bizitzen nengoela, etxetik erdialdera joateko metroa hartu beharrean, autobusa hartzen nuen sarritan. Bide horretan, Picoas auzotik igarotzen nintzen, eta ia egunero ikusten nituen eraikin berezi batzuk. Hutsik dauden eraikinak dira, zeintzuk etxaurreak margoztuta dituzten hainbat artista gonbidatuen lanekin. Egitasmo antzeko honek eraikinak berpiztea du xede, eta bide batez auzo eta kaleetako giroa indartu eta kultura ikuspegi berri bat sortzea.

Hainbat eta hainbat dira margoturik dauden Lisboako paretak, eta edozein auzotan aurki ditzakegu. Baina, honez gain, uztaila aldera benetan harritu ninduen beste egitasmo edo ideia batekin egin nuen topo. Zera zen, hiriko beira kontenedore guztiak ere margotzea. Ikusi hauetako bat ze pertsonaia zen.

Hurrengo argazkiak nik ateratakoak dira. Hauek eta beste batzuek ikusi nahi badituzue ez galdu aukera eta sartu goian jarri dizuedan estekan.

Muito obrigada!!! (Eskerrik asko)

Larunbateko ospakizuna definitzeko hitzak soberan daude. Titularrak berak dio dena.

Atzo esan nizuen bezala, asteburu honetan Lisboan egon ginen lagunak batu gara nire urtebetzea eta Amaiarena ospatzeko (duela pare bat aste izandakoak). Betiko legez, primeran pasa genuen, eta egia esan, ez dakit nondik hasi… opariak, afaria… izugarria!

Arratsalde osoa (bueno, eta egun osoa) nerbioak jota egon ostean gaueko 10ak aldera joan ginen Ametsen etxera eta ikustekoa izan zen han prestatua zeukatena. Tranbia bat irudikatua zuen pankarta bat, Super Bock eta Sagres garagardoa, tostak, morangoskak, gingina… den dena Lisboar estiloan prestatuta. Eta amaitzeko opariak. Niretzat boltso bat, argazki koadro bat eta eskuz egindako kamiseta bat hiriko argazkia eta ‘saudade’ hitzarekin.

Barre, barre eta barre egon ginen gaba guztia, eta orain eskerrak ematea besterik ez dut nire famili “lisboetari”.

LA OSTIA ZARIE!!!!

Bi aste… eta bagoaz!

Gaur igandea da, eta aspaldiko partez Lisboara joan ginen lagunok batuko gara. Edozein aintzakia ona izanik, aurrekoan bizi izandakoak gogoratzen ibiliko gara ziur asko.

Pozik nago, beraz. Ez bakarrik arrazoi horrengatik, baizik eta bi aste barru Portugalera bidean egongo garelako.

Kotxea, maleta bat, lau lagun, eta topera ibiltzeko gogo itzelak.

Orain dela 5 hilabete Lisboa atzean utzi eta hirira bueltatzeko aukera izango dut datorren abenduan. Irrikitan nago, damutuko ez naizelakoan. Hori bai, buelta gogorra baino gogorragoa izango da.

Bitartean… CARPE DIEM!

Durangoko azokaren ordez… LX Factory

Aurrekoan esan bezala, abenduko zubian Portugalera joango naiz egun batzuk igarotzera. Porto, Aveiro, Coimbra eta nire Lisboa kuttuna bisitatzeko aukera izango dut 5 hilabeteren ostean.

Hala ere banauka moskeatuta kontu batek. Eta zera da, Durangoko Azoka galdu egingo dudala. Ni bezalako hainbat euskaldunentzako ezinbesteko hitzordua izaten da hau, eta aurten ezin izango naiz bertan egon.

Neguan murgildurik giro euskaldunaz gozatzeko aukera ezin hobea dela deritzot. Urteko diska eta literatur nobedadeak ezagutu, idazleen hitzaldiak entzun, gaztaina batzuk jan, kontzertuak ikusi, Durangoko alde zaharretik poteoan ibili… hainbat eta hainbat gauza egiteko abagune aproposa.

Zoritxarrez aurtengoan ezin izango dut guzti hau ikusi edo egin. Baina horren ordez beste herrialde bateko kultura sakonago ezagutzen saiatuko naiz. Izan ere, ez dizuet inoiz honeri buruz berbarik egin, baina Lisboan bada zinez harritu ninduen tokia.

Belêmera bidean Alcantara auzoa dago, eta bertan aurkitzen da hiriko arte gune esanguratsuenetakoa, LX Factory deitua. 1846an hariak eta ehunak fabrikatzen zituen fabrika zegoen bertan (“Companhia de Fiacao e Tecidos Lisbonense”), eta gaur egun nahiz eta nabe batzuk abandonaturik egon, izugarri ondo dago aprobetxatua espazio guztia.

Denetariko saltokiak aurki ditzakegu, guztira 23.000 metro karratu dituen gune honetan. Gainera, artista, profesional eta konpainiek euren arte sorkuntzak erakusteko plataforma moduan erabiltzen dute, hala nola, moda, arkitektura, musika, publizitatea eta abarrekoen inguruko erakusketak burutzeko. 

Urtero Open day delakoa ospatzen da bertan, non 150 artista baino gehiagoren lanak erakusten diren, eta uztailaren 3tik aurrera Feira na Fabrica hartzen du LX Factoryk igandero. Merkatu bat dugu azkenengo hau, goizeko 11etan ateak zabaldu eta arratsaldeko zazpiretan zarratzen dituenak. Edozer gauza aurkitu dezakegu bertan, giro paregabean musika entzuten dugun bitartean.

Horrez gain, uztaila eta abuztuko hilabeteen artean yoga tailerrak, dantza, hitzaldiak, ikuskizunak, eta hainbat artisten aurkezpenak eskaintzen ditu.

Hala eta guztiz ere niri gehien harritu ninduena Ler Devagar liburutegia da, izugarri handia eta txoko guztietan liburuz betea. Barruan taberna bat du, gainera, eta tarte lasai bat hartu eta liburuak irakurtzeko jesarlekuak ere bai. Eskilarak igon eta harrigarriena inprenta erraldoi bat da. Inprenta horrek, baina, badu jabe bat, Marco izenekoa. Bertara hurbildu eta Marcorekin topo egiten baduzue ez duzue bisita sekula ahaztuko. Galdetu berarengatik eta ez badago utz iezaiozue mezu bat bere liburuan.

Lisboako elektrikoa

Bilbo ezaguna da dituen garraiobide guztiengatik. Akordatzen naiz garai batean Vaya Semanita saioan egin zuten sketch batekin, non hiriko garraiobide guztiak aipatzen zituzten zerrenda amaigabe batean: autobusa, metroa, trena, tranbia, funikularra, txinbitoa…

Lisboan ez dakit horrenbeste garraiobide dagoen, baina badago xarma berezia duen bat, tranbia alegia. Portugeses “electrico” deitua hiriko sinboloetako bat dela esan daiteke, eta turisten artean atentzioa gehien deitzen duenetarikoa. Horrez gain, estetika hutsa alde batera utzita, garraiobide oso praktikoa ere bada.

Tranbide sarea bost ibilibidek eta 58 konboik osatzen dute. Horietatik 40 tradizionalak dira, txikiak, nostalgikoak, eta erretratuak hartzeko paregabeak. Ibilbide guztietatik bi dira garrantzitsuenak edo jende gehien hartzen dutenak, 58. eta 15.

58. tranbia

Hiriko alde zaharrenetik murgiltzen da. São Jorge gaztelutik hasita, Bairro Altoraino eramaten gaitu guztira 10 kilometrotako ibilbidean zehar. Tranbia hau hartuz gero auzo enblematikoenak ezagutu daitezke, eta burua leihotik ateraz Lisboako aire bohemioena arnastu. Graça, Mouraria, Alfama, Chiado…

Egurrez egina, esan daiteke beste epoka batera eramaten gaituela behin bertara igonda. Harrigarria da kotxeen artetik mugitu ahal izatea, hau da, bide bera hartzea eta hauetako bat izango balitz bezala ibiltzea aldatz gora eta aldatz behera, turista despistatuak bere kanpaiagaz ohartaraziz.

15. tranbia

Ez da aurrekoa bezain erromantikoa. Izan ere, ez da egurrezkoa, zaharra, ezta txikia ere. Baina turistak erakartzeko arrazoi bat du, Belêm auzo famatura doala. Hemen Belêm-eko dorrea, Monasteiro dos Jeronimos eta beste eraikin batzuk daude, turisten ibilbidetan ekidiezinak.

Nahiko handia izanik kontu handia eduki beharra dago lapurretekin. Tranbiaren barnean kartelak daude abisua ematen. “Precauçao com os carteristas” irakur daiteke.  Praça Figueraitik irten eta Algésen amaitzen du ordu erdi baino gehiagoko ibilbidea tranbia honek.

Hau eta beste guztiak ezagutzeko hemen duzue Carris enpresaren web orria

Kultura barra barra

Lisboa hiri bohemioa da. Kultur giroa arnas daiteke edozein kale kantoietan. Zinez, xarma berezia du, niretzat behintzat, eta kultura arloan ez da ekintzarik falta urteak dituen 365 egunetan zehar.

Hiriko kultura sinboloetako bat Chapitó elkartea da. Aurten 25 urte bete dituen elkarte kultural honek hamaika ekintza hartzen ditu Costa do Castelo kaleko 1 zenbakiko bere lokalean. Eraikinean irakur daitekeen moduan kultura, ekintza soziala eta formakuntza dira bere ardatz nagusiak. Antzerki eskola bat du, eta ikastaro ezberdinak eskaintzen dituzte, hala nola malabareak, Capoeira eta beste asko eta asko.

Gainera, taberna eta jatetxea ere bada eta bertan Tejo ibaiaren gaineko izugarrizko bistak dituen terraza du ere. Leku oso berezi baten aurrean gaude. Zorte apur batekin zuzeneko musika edota antzerki emanaldi batekin topo egin daiteke bertaratzean. Eskaintza gastronomikoaren inguruan… zer esanik ez!

Jaterako orduan ez da leku merkeenetarikoa, baina dirutza handia ordaindu gabe ondo bazkaldu edo afaldu daiteke. Diru zorroa beterik duzuela hurbildu bazarete ezin duzue arraina dastatu gabe joan. Han bertan egiten dute parillara. Aldiz, zerbait merkeagoagoa jan nahi izatekotan askotariko errazioak ematen dituzte: tostak, patatak, kroketak… Oso famatuak dira “batata saloia” direlakoak. Ez dira ohiko patatak, baizik eta azalarekin jaten direnak eta ali oli saltsarekin batera ateratzen dituztenak.

Afalostean joatekotan garagardo edo koktel bat lasai lasai hartzeko aukera badago ere. Garagardo merkeenak euro eta erdi balio du eta mojitoak, morangoskak eta abarrekoak probatzea gomendatzen dizuet.

Hemen duzue web orriaren helbidea. Bertan topatuko duzue Chapitóri buruzko edozein jakingarri, eta bere egitekoak ederki definitzen dituen hurrengoa bezalako esaldi asko: “O Chapitô é uma casa suficientemente grande para nos receber a todos, e suficientemente pequena para abrigar cada um de nós“. (Chapitó gu denok hartzeko behar adina leku duen etxea da, eta gutako bakoitza babesteko aski txikia).